XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Damurik ez


ENE bizitza atzera bizi ahal banu
filme bat bezala,
dena hasieratik errepikatu
ahal balitz,
zer ez nuke moztuko, zer
ez nuke tatxatuko,
zer ez nuke aldatuko,
zer ez nuke emendatuko!
Filmea ber egitekotan
remake hobetua baino
nahiago nuke filme arras
bestelakoa.


Halaere, ez naiz zuei amore,
atsegin
edo bakea ematearren ezertaz edo
ia ezertaz damutuko.
Ez naiz damutuko ez untziak
eraikitzez,
ez untziak suntsitzez, ez loreez
ez labanez,
ez polboraz ez andere biluziez,
ez begitako euriez
ez ene ahapaldi aldrebesez, ez aldean
daramatzadan zauriez.


Bizitzeko zazpi bizitza banitu ere
katuek bezala
ez dizuet ezta kapitulazioaren
orduan ere
zeuen nehurri eta gustokorik
batere entregatuko.